XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

hurbiltasunak hainbesteko estutasuna sortarazten zuen Ellenengan, ezen ematen baitzuen haren jantziaren estuguneetako zirrikituetan zehar aurrera egin nahi zuela.

Gizonaren solasak sortarazitako izuak arnasketa galarazten zion.

-The Zinnia Girl antzezpenak sekulako arrakasta izango du, Elaine, benetan diotsut, eta paperak zuretzat idatzia ematen du.

Nahi nuke, bada, zurekin berriro lan egin, zinez... Hain zara desberdina.

Horixe da besteengandik bereizten zaituena.

New York-eko neska guztiak berdinak dira: aspergarriak.

Jakina, zuk nahi izanez gero... kantatu ere ederki asko egin zenezake.

Ezagutu zintudanetik ero antzean ibili naiz, eta harrezkero sei hilabete luze igaro dira.

Mahaian eseri eta ez diot janariari zaporerik hartzen...

Zuk ez dakizu zein bakarrik sentitzen den gizon bat, hainbat urte eman baditu bere sentimenduak bere baitatik askatu ezinik.

Gaztetan desberdina nintzen, baina zer egingo diogu ba?

Nik dirua irabazi behar izan dut eta aurrera egin dut bizitzan.

Eta horrela urtez urte.

Orain lehenengo aldiz pozten naiz horrela jokatu izanaz, hain zuzen ere, bizitzan aurrera egin eta diru asko irabazi izanaz, den-dena zuri eskaintzeko moduan nagoelako.

Ulertzen didazu zer esan nahi dizudan?

...Bizitzan aurrera egiten ari nintzen bitartean neure baitan gordetzen ari nintzen ideal eta gauza eder haiek guztiak ereindako haziak ziren eta zeu zara lorea, haiengandik sortua.

Noizean behin, ibilian, bere ahurraz ozta-ozta ukitzen zuen Ellenena eta neskak berehala ukabila hertsi eta baztertu egiten zuen, haren esku potoloaren ukipen beroa eta setatsua saihestearren.

Pasealekua bikotez beterik zegoen, baita musika noiz hasiko zain zeuden familiaz ere.

Nabari zen umeek, besapeek eta talko-hautsak isuritako usaina.

Handik saltzaile ibiltari bat igarotzen zen puxika gorriak, horiak eta arrosak atzetik hegan zekartzala, alderantzikatutako mahats-mordo bat bailitzan.